LA IZQUIERDA VASQUISTA DE NAVARRA
BEHARREZKO AHOTSA
twitter  facebook
eu es
Gure ezaugarri nagusiak
Batzarre 1987an agertu bazen ere, hura osatzen duten gizon-emakumeen eta taldeen ibilbidea luzea da benetan, frankismoaren aurkako borrokaren garaietan hasitakoa da, batzuetan, eta gero trantsizio garai guztian barna ere gauzatutakoa. Batzarrek jendartearen eta ezkerraren berpiztea eragin zuten gizarte mugimendu haietan ditu sustraiak, euskal sindikalgintza erradikalean, gizarte mugimendu feministetan, ekologistetan, antimilitaristetan, herritarren eta auzokoen mugimendu asoziatibo zabalean. Batzarre eratu aurretik ere, gure jendea aritu izan da udal lanetan eta politikan zenbait hautagaitza bateratu eta berezkoren bitartez.

Urte hauetan zehar, pertsona gehiago elkartu dira eta sentsibilitate berriak ekarri dituzte, mugimendu antimilitaristarena eta intsumisoarena, nazioarteko elkartasun eta elkarlanarena, norberaren askatasunen aldeko borroka, drogak legeztatzearen aldekoa, euskararen aldeko lana, gizarteko alorrik kaltetuenei begiratzea.

Batzarrek, jatorrian, mugimendu horien kultura politikoak bere egin zituen, garaiko ezker sozialarenak ere bai, eta bere zeregina hainbat plataformatan garatu du. Batzarrek ez ditu alderdi politiko klasikoen ezaugarriak hartu; nola politikan hala gizarte lanean aritzen da, arlo instituzionala eta ez instituzionala lantzen ditu, politika egiteko era menperatzaileen aurrean kritiko ageri den indarra da.

Nafarroako zeregin politikoari bere bideak bilatzen saiatzen da Batzarre. Bere errealitatea eta bere ezaugarriak dituen euskaltasun bat da, Nafarroakoa, eta konponbideak bilatzeko garaian, ditugun gatazkei irtenbideak ematerakoan, bertako identitate guztiei begiratzen die.

BATZARRE ALDAKETA ETA INTEGRAZIO POLITIKAREN ALDE NAZIOTASUN IDENTITATEEN ARTEKO GATAZKAN

Euskal Herriko gainerako lurraldeekin batera, komunitate bakarra osatzeko helburua dugu, beti ere, naziotasun eta hizkuntza sentimenduekin begirunez jokatuz, elkarren arteko kultura publikoa eraikiz eta herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen alde eginez –denon artean hitzartuta, jakina-.

UPNren alde-bakartasunaren aurrean, Nafarroako euskaltasunaren aldeko hobekuntzak: gure identitatearen aitorpena, euskararen ofizialtasuna, euskal sinboloak erakusteko eskubidea, Euskadirekin etengabeko elkarlana.

Abertzaletasunaren alde baten pluraltasunaren kontrako jarreraren eta intolerantziaren aurrean: beste identitatearen onarpena eta errespetua, guztion identitate nafarraren defentsa, arau erregulatzaile gisa gehienen nahiaren onarpena gutxienen eskubideekin batera, eta erabakia nafar esparruan hartzea.

GIZARTE ALDAKETA SAKONAREN ALDE.

Gizarteko desberdintasunen aurka: gizarte esklusioa, inmigrazioa, erretiratuak egoera ezin latzagoetan.

Langileriak egun bizi duen aurrez lorturiko eskubideen galeraren aurka: kualifikazio handirik gabeko gazteak, emakume batzuk edota lan egonkorretik eroritako adineko jendea. Eta honako hauetan islatzen dena: prekariotasunean, autoritarismoan eta lan errendimendu altuetan, erretirorako egoera ekonomiko kaskarragoetan, etxebizitzaren garestitze neurrigabean, osasungintzaren eta hainbat zerbitzu publikoren okerrera egitean.

Bultzada bat eman nahi diogu elkartasunari zenbait esparru eta instantziatatik:
Osasun arloa, hezkuntza, gizarte lana, eta instantzia ertainetatik, GKEetatik esaterako, esparru berriak sortu boluntariotzaren bitartez.

EGUNGO DEMOKRAZIAN SAKONDU NAHI DUGU...

Kontsultak egiteko eta parte hartzeko bideak jorratu, etorkinen hauteskunde eskubideak arautu, kontsulta legea, muga antidemokratikoak eta hauteskunde sistemetako zerrenda itxiak deuseztatu, politikoen praktikei neurri zuzentzaileak jarri: gardentasuna, abantaila ekonomikorik ez, demokrazia handiagoa talde instituzionaletan, beren zeregin publikoan eta euren hautesleekin dituzten harremanetan.

Hobekuntza gehiago emakumearentzat. Bortizkeria matxistaren aurrean, lanean bereizkeriarik ez, hemen Nafarroan abortu libre eta doakorako dugun eskubidea gauzatu, ganorazko eskaintzak beren estatusa aldatu nahi duten etxekoandreentzat (lanerako prestakuntza, berriz lanera itzultzea …) eta errenta zehatza bermatu berauei, soldata eta egiten duten lanaren aitorpen gisa.

Begirada ekologista. Natura zaintzeko neurriak, garapen eta energia ereduak aldatzea. Kontsumo eredua aldatu: kalitate hobea.

Bakearen alde gaude, ETAk jendartearen esku utzi behar du auzia jada. Estatuak oinarrizko giza eskubideak errespetatu behar ditu. Bakeak ez du prezio politikorik. Menderatutakorik gabeko bakea baina garaileak dituena: biktimei ordaintza, erabateko demokrazia proiektu guztiak garatu ahal izateko, pluralismoari errespetua, auzian nahasitako guztien amnistia edo kartzelatik ateratzea.

Indar alternatiboa eraiki: honexek eragin ditu gizarte aldaketak iraganean eta orainean. Baloreen eta proiektu alternatiboen multzoa, gizarte mobilizazioa, talde antolatuen lanaren eta gizarte talde handien mobilizazioen bat egitea.

UPN gobernutik kentzearen alde eginen dugu, gizartean aurrerapenak lor ditzagun, euskaltasunaren aldekook eta aurrerakoiok, ez egungo ardatzen baitan segitzeko, gobernukideak beste batzuk izanda ere.

Planeta mailako aldaketaren beharrean gaudela uste dugu gerren eta militarismoaren aurka. Erabateko armagabetzearen alde, gerren aurkako gizarte mugimenduaren, gizarte justiziaren, nazioarteko elkartasunaren eta nazioarteko arau eta instituzio demokratikoen alde.
batzarre
azala
ezagut gaitzazu
berriak
dokumentuak
ordezkaritza
estekak
euskera
harremanetan jarri
facebook
twitter
youtube
creative commons
BATZARRE    C/Navarrería 15-1ºC   I   31001 Iruña   I   Tfno. 948 224 757   I   batzarre@batzarre.org