Feminismoa

FEMINISMOA

Feminismoa mugimendu politiko eta sozial bat da, errebindikatzailea eta salatzailea. Mugimendu hori justifikatzen da praktikan emakumeek ez dituztelako gizonen eskubide berak, ez eta gizarte-kontsiderazio bera ere, nahiz eta genero-berdintasuna Konstituzioan formalki onartuta egon.

Feminismoa beti dago mugimenduan, beti eraldatzen, erritmo aldakorrekin, baina XXI. mendean, 2018an hain zuzen ere, eragin publikoa maila globalean handitu egin zen nabarmen, gizarte-eragina sendotu zuen eta gizarte-gehiengoak bultzatu, honek guztiak hauspoa eman dio borrokari.

#MeToo, martxoaren 8ko greba feministak edo Iruñeko jaietako talde-bortxaketaren kasua bezalako gertaerek mobilizazioak masiboak izatea eragin dute, eta sektore gazteenak erakartzen dituzte, sektore hauek gainera, “feministatzat” dute euren burua eta harro adierazten dute.

Feminismoak izan duen pizkundea kalean ikusten da, bai eta ezagutzaren ekoizpenean eta eraikuntza teorikoan ere, eta horrek, aldi berean, eragina du praktika politikoan. Horregatik, eztabaida feministak gauzatzeko moduak, eragina izanen du erabakiak hartzean, jarrera publikoetan eta praxi politikoan.

Feminismoak bizi dituen eztabaidak bizirik daude Batzarren ere, eta gaur egun kolektibo gisa hausnarketa-bideari ekiteko garrantzitsuenak iruditzen zaizkigun lau eztabaida aipatuko ditugu.[1]

  • Feminismoaren subjektua zabaldu eta dibertsifikatu egin da: “Emakumea” subjektutik subjektu zabalagora eta anitzagora doa. Polemika sortzen du emakume transak CIS[2] emakume gisa mugimenduan sartzeak; zenbait sektoreren ustez, gizon/emakume binarismoa hausteak lortutako aurrerapenak galtzea eta desberdintasunak ikusezin bihurtzea dakar; beste korronte batzuek, berriz, feminismoaren subjektu politikoak aberatsago ikusten dituzte, emakumeen eta identitateen aniztasunaren ondorioz.
  • Sexu-indarkeriari emandako erantzunak diskurtsoen paradigma-aldaketa eskatzen du ia aho batez, eta arreta leku egokian jartzea: erasotzaileengan. Justizia eskatzen da, eta zenbait korronterentzat, kontua legeak aldatzean datza, kondena handiagoak eta zigor gogorragoak bermatzeko. Beste ikuspegi batzuk sortu dira, eta uste dute feminismoaren zeregina ere badela justizia-nozio berriak proposatzea, gure arazoak errepresio handiagoarekin, zigor handiagoarekin eta kaleetako segurtasun-indar gehiagorekin konpontzearekin lotuta ez daudenak, baizik eta beste justizia-kontzepzio baten alde egiten dutenak.
  • Prostituzioa: eztabaida dago jarrera hauen artean: batzuek azpimarratzen dute prostituzioa debekatu eta errotik ezabatu behar dela; beste batzuek, aldiz, prostituzioan dihardutenen eskubideak berehala babestu behar direla. Jokamolde berriena erakusten dute, agian, eztabaida birkokatzen saiatzen direnak: korronte bakoitzaren argudioen garrantzia defendatzen dute, eta mugimendu feministaren gehiengoak epe ertainean parteka ditzakeen akordio eta analisi-eremuak mugatzen dituzte, hala nola behartutako prostituzioaren eta pertsonen salerosketaren aurkako borroka.
  • Haurdunaldi subrogatua: batzuen ustez, haurdunaldi subrogatua eskubide indibidualen barrenean sartzen da (kasu honetan, ama/aita izatearen eskubidean), eta Espainian duen debekua indargabetu beharko litzateke praktika hori arautzeko; beste batzuen aburuz, sistema kapitalistak eta merkatuek babestutako emakumeen esplotazio-modu bat da.

Era berean, feminismoaren barrenean jarraitzen du zenbait hausnarketak: gizonek eta emakumeek borroka feministan duten rola, boterearen erabileran dauden desberdintasunak, indarkeriak, zainketek ekonomia feministan duten zeregina, sexualitatea, ekofeminismoa, hizkuntzaren erabilera eta abar…

Baina COVID-19arekin batera, agerian gelditu da zainketek funtsezko eginkizuna dutela gure gizartearen funtzionamendurako eta bizitzaren jasangarritasunerako, eta denbora eta dedikazioan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ikusgarriago egin dira. Baina COVID-19aren pandemiak ez du soilik modu desberdinean eragiten zaintzak beren gain hartzean, baizik eta enpleguan, gizarte-bazterketako mailetan, ongizate emozionalean, familia-harremanetan, eta abarretan.

Pandemiak eragindako egoera berriak lehendik dauden genero-desberdintasunei gehitzen zaizkie, eta batzuen eta besteen arteko aldea handitzen dute.[3]

Horregatik, ezinbestekoa da:

  • Kontziliazio-neurriak, baina, batez ere, zainketen erantzukidetasun-neurriak, orain eta pandemiaren ondoren.
  • Gure gizarteko funtsezko sektoreei balioa emateko neurriak hartzea, adibidez, zainketak eta osasun-zerbitzu publikoak, gizarte-zerbitzuak eta hezkuntza, erabat feminizatuta baitaude.
  • Eraldaketa bideratzea, bizitzaren zaintza eta jasangarritasuna erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko eta sozialerantz.

Mugimendu feministak arazo horiek aurreratzen bazituen, pandemiak agerian utzi eta areagotu egin ditu. Gure sistema sozial, ekonomiko eta politikoa aldatzeko unea izan daiteke, berdintasunezko gizartea lortzeko.

 

[1] Ideia hori azpimarratzen dut, uste baitut akatsa dela gai horiek emakumeek bakarrik eztabaidatzen duten eremuetara eramatea.
[2] Ezaugarri genital femeninoekin jaiotzen diren eta “emakume” generoarekin identifikatzen eta sentitzen diren emakumeei buruz ari gara. Hau da, bat dator jaiotzen den sexua eta identifikatzen den generoa.
[3] Emakundek 2020ko uztailean egindako txostena “berdintasuna pandemia garaian. COVID-19aren eragina genero-ikuspegitik “, nahiz eta datuak EAEri buruzkoak izan eta Nafarroari dagokionez alda daitezkeen, aldakuntza urria dela uste da.
https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/emakunde_covid19/eu_def/adjuntos/2020.07.la_igualdad_en_epoca_de_pandemia.pdf